XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Eta horiek direla eta, ez-zientifikotzat eta ez-historikotzat jotzen dela eta, filosofia politikoa hil zorian dagoela beldur da gure pentsalaria. Ez soilik filosofia, mendebaldeko baloreen krisialdi larriak ere erro berberak bailituzke, Straussek beste hainbat testutan agertzen duenez.

Azken finean, zera baita kontua: filosofia politikoko testuetan eta zer esanik ez, baita testu klasikoetan ere oinarrizko arazoak planteatzen direla, eta garai guztietan arazo direnak: gobernua, agintea, askatasuna, e.a. Hau da, aldaketa historikoetan zehar, beti mantentzen dira funtsean arazo berberak. Historiaz haraindi daude, arazo unibertsalak dira.

Eta soilik zentzu horretan, lotura horren bidez, egin daiteke filosofia politikoaren historia. Horrela hurbildu nahi du Straussek klasikoengana, beraiek beren burua nola interpretatzen zuten ulertzen saiatuz, ez gure aurreiritzi edo gure galderetatik, baizik eta beraien galderetatik abiatuz; eta filosofia politiko klasiko horren egia-asmoa serioski kontutan hartuz, eta ez ikuspuntu positibista eta historizistaz gauza gainditutzat joz.

Filosofia politikoaren historian heztea, beraz, beti hor dirauten arazo funtsezkoetan heztea da, Straussek erakusten digunez. Bere asmoa, haien testuetara behin eta berriro joz, haiekin gai politiko oinarrizko hauetaz hausnarketa nagusiak egin zituzten gizonekin etengabeko elkarrizketa mantentzea izan zen.

Klasiko politikoen irakurketa serioa gomendatzeak ez du esan nahi bera Nietzsche eta beste hainbat bezala garai haietako nostalgikoa zenik, ez, Strauss demokrazia liberalaren aldeko nabaria da. Eta hain zuzen ere, demokrazia honi mehatxu egiten dioten modernitatearen hainbat alderdi praktiko eta teoriko kritikoki aztertu eta gainditu ahal izateko, oso beharrezkotzat jotzen du filosofia politikoaren jarduera.

Demokrazia liberalak tolerantzia eta gizabanakoaren askatasunerako errespetua dituenez oinarritzat, heziketa liberalak eztabaida politiko oso aberasgarriak zuzper ditzake. Baina, bestalde, jada Tocqueville-k ederkiro aurreikusitako arriskuek pitza dezakete demokrazia: ikuspuntu oro berdina dela, ideia oro errespetagarria dela pentsatzeak, eta kontzepzio moral baten gorentasuna defendatzen duena elitistatzat edo antidemokratikotzat ere jotzeak.

Heziketa liberal egokiak ordea arrisku hauei aurre egiteko gaitu beharko gintuzke. Eta filosofia politikoaren historia, hau da, gizartearen antolaketaz sakonkien hausnartu dutenen obrak irakurtzea funtsezkoa izango da heziketa liberal horretarako.

Filosofia klasikoan, Platon eta Aristotelesen obretan, errejimenik onenaren inguruan biraka zebilen hausnarketa hau. Errejimena politeia-ren zentzuan, hau da, ez gaur ikustera ohituta gauden era zatikatuan baizik eta aldi berean, gizarte baten forma, bere estiloa, bere gustu morala, bere forma soziala, bere forma politikoa, bere antolakuntza eta bere legeen izpiritua biltzen dituen errejimena.

Klasikoak errejimen mota desberdinen eta posibleen artean, onena bilatzen saiatzen dira.

Makiavelo-k, ordea, XVI. mendean, ikuspuntu hau erabat aldatzen du, filosofia politiko modernoari hasiera emanez.